ESKUZ BANAKA, BURUZ BURU FRONTOI MOTZEKO JOKAMOLDEA

Buruz buruko jokamoldea, euskal pilotaren barruan dagoen jokamoldeetako bat da (klikatu bere historia ikusteko). Frontoi izena duen instalakuntza batean jokatzen da, bat baten aurka (hortik dator buruz buru izena). Zeharkako jokoa edo joko ez-zuzena da, pilota jokalari batek jotzean, aurkariak jo baino lehen  aurreko horma edo frontisa jo behar baitu. Frontoi hau, irudian ikus daitekeen bezalakoa da, frontoi motza deritzoguna, 36 metro luze eta 10-11 metro zabal dituena eta elementu horiekin osatuta dagoena. Hauetaz aparte atzealdean beste horma bat dago,errebote izenekoa eta frontisa bezalakoa da baina txaparik gabe. Azkenik,esan beharra dago kontra-kantxa deitzen zaiola kantxako eskuineko aldeari.

Hemen duzue bideo bat Frontoi baten deskribapenari buruz



Pilotariek (horrela deitzen zaie jokalariei) euren eskua dute “erreminta” gisa eta beraz, eskua bakarrik erabili dezakete pilota jotzeko (pilota jo bakarrik egin daiteke). Txandaka joko dute pilota, lehengo batek eta gero besteak, arauen arabera pilota jokalekuaren barnean sartuz eta bi bote eman baino lehen kolpea emanez. Hau lortzen ez duenak tantoa galduko du. Partida irabazteko aurkako jokalariari 22 tanto egin behar zaizkio, aurrerago esplikatuko dugun bezalaxe.
Esan dugunez, bat baten aurka jolasten da buruz buruko jokamoldean. Pilotarekiko erlazioa sinplea da, pilota jo besterik ez da egin behar, irristatu, jaso edo antzekorik egin ezin delarik. Pilota jotzeko orduan, bi modu daudela esan daiteke: bote ondoren jotzea pilota edo airez. Pilotariek (hau jantzien araudia ikusteko) pilota frontisera bideratu behar dute derrigorrez, goiko txaparen, albokoaren eta behekoaren artera,  eta kolpea ona izateko, frontisa jo ondoren lehenengo botea kantxa barruan eman behar du, edozein tokitan. Beste bi hormak (ezker pareta eta errebotea) ere ukitu ditzake ,baina ez da derrigorrezkoa. Pilotariak nahi beste mugitu daitezke frontoian zehar, hau da, nahi duten posizio aldaketak egin ditzakete.
Jokamolde honen elementurik garrantzitsuena larruzko pilota da. Pilotariek erabiltzen dituzten beste elementu bat takoak dira, esku-azpia babesteko erabiltzen duten materiala.



SAKEA

Sakea jokoari eta tanto bakoitzari hasiera ematen dion kolpea da. Partidako lehenengo sakea zozketa baten bidez erabakitzen da eta beraz jokalari horrek egingo du partidako lehenengo kolpea. Bestalde, tanto bakoitza amaitzen denean, tantoa irabazi duen jokalariak egingo du sakea. Sakea egiteko orduan baldintza batzuk bete behar dituzte pilotariek:

  • Sakea egin aurretik aurkariari ohartarazi egin behar zaio ateratzera doala.
  • Sakea egiteko orduan, derrigorrez bote ondoren eman behar zaio kolpea.
  • Bote hau 4. marraren atzean izan behar da.
  • Pilotak frontisa jo ondoren 4. eta 7. marra bitartean bote eman beharko du. 7 tik atzera edo marran bote egiten badu “pasa” deituko diogu eta 4 tik aurrera edo marran egiteari “motz”, bietan sakatu duenak galduko du tantoa.


Sakea kontra-kantxatik edo ezker hormatik hurbil egin daiteke, bi tokitara bideratuz. Hala ere, gehien ikusten dena eta beraz ohikoena dena kontra-kantxatik sakea egitea eta ezker hormara bideratzea da.

ERRESTOA

Errestoa sakalariak sakea egin ondoren (sakea ona bada) aurkariak egiten duen kolpeari esaten zaio. Errestoa ontzat emateko nahikoa da pilotak frontisa jotzea eta botea kantxan sartzea. Bote gabe edo bote bakar batez jo daiteke pilota errestoan. Errestoaren ostean txandaka jarraituko dute pilota jotzen norbaitek tantoa galdu arte. Errestoa egingo duen jokalariak normalean 7tik atzera kokatuko da eta lehenago aurreratuko da pilota airez joko badu, bestela lehenengo punpa eginarte itxoingo du eta pilota jotzera abiatuko da. Normalean ezker hormatik hurbilago egoten dira kontra-kantxatik baino, sake gehienak horra bideratuta baitoaz.

PUNTUAZIO SISTEMA

Buruz buruko jokamoldearen puntuazio sistemak “tanto” izeneko puntuekin funtzionatzen du. Helburua aurkariari 22 tanto egitea da, eta beraz, hau lortuz partida irabaziko du. Tanto hauek baliozkoak diren edo ez ziurtatzeko epaileak daude. Markagailuan tantoa gehitzeko aurkako jokalariak “falta” egin behar du. Hona hemen noiz den falta:

  • Sake ondorengo lehen punpa kantxatik kanpo egiten denean
  • Sake ondorengo lehen punpa 4 marraren gainean edo aurrean egiten denean..
  • Sake ondorengo lehen punpa 7 marraren gainean edo atzerago egiten denean.
  • Pilotak frontisa jotzen ez duenean ( frontiseko beheko txapan edo azpian, goiko txapan edo txaparen gainean, eskuineko txapan edo eskuinerago, frontisetik kanpo edota pilota frontisera iristen ez denean). 
  • Pilotak frontisa jo ondoren eta lehen botea mugetatik kanpo egiten duenean (kontra-kantxan adibidez)
  • Pilota ez denean eramaten bigarren botea egin aurretik.
  • Pilota ez denean jotzen. Hau da huts egin, irristatu, atxiki edo jaso/jaurti egiten dutenean (hauek euskal pilotako beste jokamolde batzuetan erabiltzen dituztenak dira).


KOLPE MOTAK


Lehen esan bezala pilota jotzeko bi modu orokor daude: punpa eman ondoren eta airez. Bestalde, kolpe motak hauek dira:

  • Sotamanoa:  Airez emateko modu bat da: pilota lehen punpa eman baino lehen jotzen da gerriaren altueran gutxi gora behera, behetik gorako mugimendua eginez besoarekin.  
  • Gantxoa: Pilota lehen punpa eman baino lehen jotzen da, airezk, sorbaldaren altueran, goitik beherako eta ezkerretik eskubirako edo alderantzizko mugimendua eginez besoarekin. Azken hau puntu zuzenak lortzeko egiten da askotan. 
  • Bolea normala: pilota sorbaldaren gainetik jotzen da besoarekin goitik beherako mugimendua eginez.
  • Dejada: pilota indar gutxirekin jotzean datza, pilota frontisetik hurbil geratuz eta aurkaria pilotara ez iristea da helburua.

Kolpe hauek erabiliz jokaldi mota ezberdinak egin daitezke. Jokaldirik oihikoenak hauek izan daitezke:
  • Bi-pareta: pilota ezker hormara lehendabizi jotzean datza, lehendabizi ezker horma eta ondoren frontisa jotzea hain zuzen ere. Horrela pilota kontra-kantxara bideratuko du jokalariak eta aurkaria ez iristea izango da helburua.
  • Sakea ahalik eta luzeen egitea eta gero ahalik eta azkarren pilota motz uztea dejada baten bitartez. Oso eraginkorra izaten da normalean hau. (hemen ikusgai).


EZTABAIDAK SOR DITZAKETEN JOKALDIAK



   1.  Pilotak jokalaria jotzen duenean

Tantoa jokoan dagoenean pilotak jokalariren bat jotzen badu, epaileen lana izango da tantoa nori eman edo errepikatuko den erabakitzea. Egoera hauek sor daitezke:
  • A jokalariak pilota kolpatzen badu eta frontisera iritsi aurretik B jokalariari jotzen dio. Kasu honetan, epaileek adierazi behar dute A jokalariari falta adieraztea edo tantoa errepikatzea. Horretarako pilota ona edo txarra izango ote zen hartuko dute kontuan.
  • Jokalariren batek nahita geldiarazten badu pilota, jokoan dagoen tantoa galduko du. Geldiarazitako pilota txarrera joango balitz ere, tantoa galduko luke, izan ere, jokoaren mugetatik kanpo jotzen duen arte, pilota jokoan dago.
    2.  Trabak

Jokalari batek aurkaria oztopatzen badu, hemen ere epaileek erabakiko dute tantoa berriro jokatuko den edo ez. Kasu hauek eman daitezke:
  • Epaileek uste izatea traba nahigabe egin dela, orduan tantoa berriro jokatuko da. Trabaren ondoren tantoak duen jarraipenak ez du baldintzatzen tantoa errepikatzea edo ez, baina epaileek aukera dute tantoa ez eteteko baldin eta jokoa etetea traba jasan duen jokalariaren kalterako izango dela erabakitzen badute.
  • Jokalariei epaile, ikusle, kazetari, argazkilari, kameralari, edo besteren batek egiten badio traba, tantoa berriz errepikatuko da beti.


ELKARRIZKETA JOSEBA ARANBARRIRI

Azkenik, Joseba Aranbarri Zaramaga Klubeko pilotariari egindako elkarrizketaren esteka uzten dizuegu hemen.