ESKUZ BANAKA, BURUZ BURU FRONTOI MOTZEKO JOKAMOLDEA

Buruz buruko jokamoldea, euskal pilotaren barruan dagoen jokamoldeetako bat da (klikatu bere historia ikusteko). Frontoi izena duen instalakuntza batean jokatzen da, bat baten aurka (hortik dator buruz buru izena). Zeharkako jokoa edo joko ez-zuzena da, pilota jokalari batek jotzean, aurkariak jo baino lehen  aurreko horma edo frontisa jo behar baitu. Frontoi hau, irudian ikus daitekeen bezalakoa da, frontoi motza deritzoguna, 36 metro luze eta 10-11 metro zabal dituena eta elementu horiekin osatuta dagoena. Hauetaz aparte atzealdean beste horma bat dago,errebote izenekoa eta frontisa bezalakoa da baina txaparik gabe. Azkenik,esan beharra dago kontra-kantxa deitzen zaiola kantxako eskuineko aldeari.

Hemen duzue bideo bat Frontoi baten deskribapenari buruz



Pilotariek (horrela deitzen zaie jokalariei) euren eskua dute “erreminta” gisa eta beraz, eskua bakarrik erabili dezakete pilota jotzeko (pilota jo bakarrik egin daiteke). Txandaka joko dute pilota, lehengo batek eta gero besteak, arauen arabera pilota jokalekuaren barnean sartuz eta bi bote eman baino lehen kolpea emanez. Hau lortzen ez duenak tantoa galduko du. Partida irabazteko aurkako jokalariari 22 tanto egin behar zaizkio, aurrerago esplikatuko dugun bezalaxe.
Esan dugunez, bat baten aurka jolasten da buruz buruko jokamoldean. Pilotarekiko erlazioa sinplea da, pilota jo besterik ez da egin behar, irristatu, jaso edo antzekorik egin ezin delarik. Pilota jotzeko orduan, bi modu daudela esan daiteke: bote ondoren jotzea pilota edo airez. Pilotariek (hau jantzien araudia ikusteko) pilota frontisera bideratu behar dute derrigorrez, goiko txaparen, albokoaren eta behekoaren artera,  eta kolpea ona izateko, frontisa jo ondoren lehenengo botea kantxa barruan eman behar du, edozein tokitan. Beste bi hormak (ezker pareta eta errebotea) ere ukitu ditzake ,baina ez da derrigorrezkoa. Pilotariak nahi beste mugitu daitezke frontoian zehar, hau da, nahi duten posizio aldaketak egin ditzakete.
Jokamolde honen elementurik garrantzitsuena larruzko pilota da. Pilotariek erabiltzen dituzten beste elementu bat takoak dira, esku-azpia babesteko erabiltzen duten materiala.



SAKEA

Sakea jokoari eta tanto bakoitzari hasiera ematen dion kolpea da. Partidako lehenengo sakea zozketa baten bidez erabakitzen da eta beraz jokalari horrek egingo du partidako lehenengo kolpea. Bestalde, tanto bakoitza amaitzen denean, tantoa irabazi duen jokalariak egingo du sakea. Sakea egiteko orduan baldintza batzuk bete behar dituzte pilotariek:

  • Sakea egin aurretik aurkariari ohartarazi egin behar zaio ateratzera doala.
  • Sakea egiteko orduan, derrigorrez bote ondoren eman behar zaio kolpea.
  • Bote hau 4. marraren atzean izan behar da.
  • Pilotak frontisa jo ondoren 4. eta 7. marra bitartean bote eman beharko du. 7 tik atzera edo marran bote egiten badu “pasa” deituko diogu eta 4 tik aurrera edo marran egiteari “motz”, bietan sakatu duenak galduko du tantoa.


Sakea kontra-kantxatik edo ezker hormatik hurbil egin daiteke, bi tokitara bideratuz. Hala ere, gehien ikusten dena eta beraz ohikoena dena kontra-kantxatik sakea egitea eta ezker hormara bideratzea da.

ERRESTOA

Errestoa sakalariak sakea egin ondoren (sakea ona bada) aurkariak egiten duen kolpeari esaten zaio. Errestoa ontzat emateko nahikoa da pilotak frontisa jotzea eta botea kantxan sartzea. Bote gabe edo bote bakar batez jo daiteke pilota errestoan. Errestoaren ostean txandaka jarraituko dute pilota jotzen norbaitek tantoa galdu arte. Errestoa egingo duen jokalariak normalean 7tik atzera kokatuko da eta lehenago aurreratuko da pilota airez joko badu, bestela lehenengo punpa eginarte itxoingo du eta pilota jotzera abiatuko da. Normalean ezker hormatik hurbilago egoten dira kontra-kantxatik baino, sake gehienak horra bideratuta baitoaz.

PUNTUAZIO SISTEMA

Buruz buruko jokamoldearen puntuazio sistemak “tanto” izeneko puntuekin funtzionatzen du. Helburua aurkariari 22 tanto egitea da, eta beraz, hau lortuz partida irabaziko du. Tanto hauek baliozkoak diren edo ez ziurtatzeko epaileak daude. Markagailuan tantoa gehitzeko aurkako jokalariak “falta” egin behar du. Hona hemen noiz den falta:

  • Sake ondorengo lehen punpa kantxatik kanpo egiten denean
  • Sake ondorengo lehen punpa 4 marraren gainean edo aurrean egiten denean..
  • Sake ondorengo lehen punpa 7 marraren gainean edo atzerago egiten denean.
  • Pilotak frontisa jotzen ez duenean ( frontiseko beheko txapan edo azpian, goiko txapan edo txaparen gainean, eskuineko txapan edo eskuinerago, frontisetik kanpo edota pilota frontisera iristen ez denean). 
  • Pilotak frontisa jo ondoren eta lehen botea mugetatik kanpo egiten duenean (kontra-kantxan adibidez)
  • Pilota ez denean eramaten bigarren botea egin aurretik.
  • Pilota ez denean jotzen. Hau da huts egin, irristatu, atxiki edo jaso/jaurti egiten dutenean (hauek euskal pilotako beste jokamolde batzuetan erabiltzen dituztenak dira).


KOLPE MOTAK


Lehen esan bezala pilota jotzeko bi modu orokor daude: punpa eman ondoren eta airez. Bestalde, kolpe motak hauek dira:

  • Sotamanoa:  Airez emateko modu bat da: pilota lehen punpa eman baino lehen jotzen da gerriaren altueran gutxi gora behera, behetik gorako mugimendua eginez besoarekin.  
  • Gantxoa: Pilota lehen punpa eman baino lehen jotzen da, airezk, sorbaldaren altueran, goitik beherako eta ezkerretik eskubirako edo alderantzizko mugimendua eginez besoarekin. Azken hau puntu zuzenak lortzeko egiten da askotan. 
  • Bolea normala: pilota sorbaldaren gainetik jotzen da besoarekin goitik beherako mugimendua eginez.
  • Dejada: pilota indar gutxirekin jotzean datza, pilota frontisetik hurbil geratuz eta aurkaria pilotara ez iristea da helburua.

Kolpe hauek erabiliz jokaldi mota ezberdinak egin daitezke. Jokaldirik oihikoenak hauek izan daitezke:
  • Bi-pareta: pilota ezker hormara lehendabizi jotzean datza, lehendabizi ezker horma eta ondoren frontisa jotzea hain zuzen ere. Horrela pilota kontra-kantxara bideratuko du jokalariak eta aurkaria ez iristea izango da helburua.
  • Sakea ahalik eta luzeen egitea eta gero ahalik eta azkarren pilota motz uztea dejada baten bitartez. Oso eraginkorra izaten da normalean hau. (hemen ikusgai).


EZTABAIDAK SOR DITZAKETEN JOKALDIAK



   1.  Pilotak jokalaria jotzen duenean

Tantoa jokoan dagoenean pilotak jokalariren bat jotzen badu, epaileen lana izango da tantoa nori eman edo errepikatuko den erabakitzea. Egoera hauek sor daitezke:
  • A jokalariak pilota kolpatzen badu eta frontisera iritsi aurretik B jokalariari jotzen dio. Kasu honetan, epaileek adierazi behar dute A jokalariari falta adieraztea edo tantoa errepikatzea. Horretarako pilota ona edo txarra izango ote zen hartuko dute kontuan.
  • Jokalariren batek nahita geldiarazten badu pilota, jokoan dagoen tantoa galduko du. Geldiarazitako pilota txarrera joango balitz ere, tantoa galduko luke, izan ere, jokoaren mugetatik kanpo jotzen duen arte, pilota jokoan dago.
    2.  Trabak

Jokalari batek aurkaria oztopatzen badu, hemen ere epaileek erabakiko dute tantoa berriro jokatuko den edo ez. Kasu hauek eman daitezke:
  • Epaileek uste izatea traba nahigabe egin dela, orduan tantoa berriro jokatuko da. Trabaren ondoren tantoak duen jarraipenak ez du baldintzatzen tantoa errepikatzea edo ez, baina epaileek aukera dute tantoa ez eteteko baldin eta jokoa etetea traba jasan duen jokalariaren kalterako izango dela erabakitzen badute.
  • Jokalariei epaile, ikusle, kazetari, argazkilari, kameralari, edo besteren batek egiten badio traba, tantoa berriz errepikatuko da beti.


ELKARRIZKETA JOSEBA ARANBARRIRI

Azkenik, Joseba Aranbarri Zaramaga Klubeko pilotariari egindako elkarrizketaren esteka uzten dizuegu hemen.



10 comentarios:

  1. Oso ondo egituratua dagoen testua da, irakurketa oso erraza eta ulerkorra egiten duen izenburuekin eta paragrafo banatuekin. Testuan zehar esteka ugari ikus dezakegu, beraz, informazio iturri ezberdinak erabili dituztela baiezta daiteke. IKT tresnen erabilera bikaina azpimarratu beharra dago. Bideo asko erabili dituzte jokamoldea azaltzeko eta asko gustatu zaizkit, oso lagungarriak baitira joko-egitura eta joko-ekintza ulertzeko. Gainera taldekide guztien partehartzea ikusten da bideoetan. Irudiei dagokienez, egokiak dira testurako.

    Jokamolearen egiturari eta joko ekintzari dagokionez, oso modu dinamikoan azaldua dago guztia. Argitasunez desberdintzen dira ezaugarriak eta ez da batere pisutsua egiten irakurketa. Eduki guztiak agertzen dira, hala nola, sakea, errestoa, posizioak, tanto motak, ohiko kolpeak etab.

    Bukatzeko aholku bat eman nahi nizueke: saia zaitezte zeuen argazkiak erabiltzen, horrela testuak beste balio bat hartzen baitu. Bestela izugarri gustatu zaidala esan behar dut eta egin duzuen lan bikainagatik zoriondu nahi zaituztet.

    KALIFIKAZIOA: 9
    Mikel Mujika Garcia

    ResponderEliminar
  2. Lehen begiratuan, testu garbi eta erraza dirudi, baina irakurtzean konturatzen zara gainera informazio iturri handia dela blog hau!
    Datuak jasotzeko iturri ezberdinak erabili duzue eta gainera estekekin komplementatu egin duzue testua, begibistan zirudien baino askoz aberatsagoa egiten.
    Informazioren aurkezpen argia egin duzue, egitura egoki bat erabiltzen eta datuak zentzuz jartzen ( ez hala edo nola, ez dago beharrezkoa ez den informazioa) Irudiak erabili egin dituzue; ondo, baina hobeto egongo litzateke zuenak izatea. Dena den, zuek egindako bideo ugari jarri dituzue eta alde horretatik asko landu egin duzuela argi dago, eta talde guztia batera (kolaborazio lana erraz ikusi ahal da).
    Jokamoldearen egitura zehatz-mehatz aurkeztu duzue, ez dut aurkitu oker dagoen ezer, edo soberan dagoen edo faltan botatzen dudan zerbait ere ez.
    Hau guztia esanda, blog dinamikoa, konplexua (baina aldi berean irakurtzeko erraza), ulerkorra eta argia dela esan nahi nuke. Oso erraz irakurri dut eta informazioarekin geratu naiz. Zorionak!

    NOTA: 10,00

    Mikel Tapia

    ResponderEliminar
  3. IRUZKIN KONSTRUKTIBOA
    Jarraian, talde lana burutzeko kontuan hartu dituzten eta har ditzaketen ebaluazio irizpideen zio nagusiak azaltzen ahaleginduko naiz.
    Blog.a osatu ahal izateko datuen bilketen iturria anitza izan da eta horren adibide ditugu pilota nola egiten erakusten digun bideoa, takoak nola jartzen diren pausoz pauso erakusten digun bideoa, janzkerari buruzko informazioa, epaileei buruzkoa, sakerako zozketa erakusten duen bideoa, jokaldi mota ezberdinen bideoa, Joseba Aranberriri eginiko elkarrizketa… Jasotako eta sortutako informazioaren erabilera ordenatua eta garbia izan da, hots, jokamoldearen azterketa modu egokian egin da: jokamoldearen izena (eskuz banaka, buruz buru frontoi motzean), blog.aren nondik norakoa, definizioa eta jatorria, praktika eremuaren azalpen zehatz eta txukuna, materiala eta pilotarekiko erlazioa eta azkenik, joko-ekintza. Aipatutako puntu guztia azaltzeko IKT-tresnetan oinarritu dira, hor ditugu lehen aipatutako materialari buruzko bideoak, instalazioaren argazkia, estekak… Horretaz gain, blog.aren hasieran azalpen teorikoaz baliatu direla esaten badute ere ez dugu azalpenaren erreferentziarik, hori dela eta, komenigarria ikusten dut blog.aren amaieran informazio iturriak gehitzea. Kolaborazio lanari dagokionez, taldekideen kolaborazioa taldekideek eginiko bideoetan antzeman daiteke (frontoiaren deskribapenean Unai Bikuñaren azalpenenak agertzen dira eta azalpenak ulertzeko taldekideak eginiko keinuetan talde lana ikus daiteke; Joseba Aranberriri eginiko elkarrizketan taldekideen parte-hartzea ikus dezakegu).
    Azkenik jokamoldearen egituran murgilduko gara. Hasteko, blog.aren lehen paragrafoan (“Eskuz banaka frontoi motzean” jokamoldearen definizioan) joko motaren berri ematen digu: joko ez zuzena. Elkarrekintzari dagokionez blog.ean aipatu ez bada ere, blog.aren izenburua irakurrita argi dago. Materiala eta pilotarekiko erlazioari dagokionean eskuz banaka frontoi motzean jokamoldearen erabili ohi diren pilota mota zehaztu da, gainera bideo batean pilotak eskuz nola egiten diren azaltzen digu. Oso interesgarria. Bestalde, pilotari-pilota erlazioa zehaztu dute, hots, esku bidez pilota “jo” egiten dela. Sakea eta errestoari dagokionez, nondik nora sakatzen den azaldu dute, gainera, sakatzaile eta errestoak ikusi ahal izateko bi bideo daude (sakea eta errestoa klikatu ezkero). Tantoari dagokionez, tantoa irabazi eta galtzeko moduak ez dira zehazten. Puntuazio sistemari dagokionez partiduak 22ra jokatu direla azaltzen dute non 22 tanto lortzen dituen lehen jokalariak irabaziko duen. Hala ere, tantoaren balioa zenbatekoa den esatea beharrezkoa ikusten dut, hau da, tantoak irabazi edo galdu egiten direla eta puntuazio sistema goranzkoa dela (inoiz ez dira puntuak galtzen). Azkenik joko ekintzaren deskribapena. Sakea eta errestoa burutuko dituena nor izango den ez da ageri, baina sakea nondik nora egingo den azaltzen dute baita errestoaren posizioa. Jokamolde honetako kolpeak eta kolpe horiekin burutu daitezkeen jokaldi motak oso ondo definituta datoz baita eztabaidak sor ditzakeen jokaldiak ere. Gainera, kolpe eta jokaldi bakoitza ikus ditzakegu hobeto ulertzeko eta azalpena arinagoa suertatzeko. Blog.ak jokamoldearen deskribapenaren amaiera Joseba Aranberriri eginiko elkarrizketarekin ematen du. Bukatzeko, esan, multimedia edukiez gain jasotako azalpen teorikoaren iturriak zein izan diren, hots, bibliografia falta da. Blog interesgarria.
    TALDEKIDEEN KALIFIKAZIOA
    Blog.a kalifikatzeko orduan goian azaldu ditudan ebaluazio irizpide guztiak kontuan hartu dituztenez, zuentzat 9,75

    IRUZKINTZEN: Miren Juantorena Zuñiga

    ResponderEliminar
  4. Hasteko,eta liburu edota artikulurik aipatu ez duten arren,oso bistakoa da informazio iturri desberdinak erabili dituztela,testuan zehar dauden estekak erakusten duten bezela.Gainera,elkarrizketa bat ere egin dute,eta baita instalazioa bisitatu ere,eta modu dinamiko eta argi batean azaldu ere.

    Testuaren aurkezpenari dagokionez, esango nuke oso ondo antolatua dagoela,parágrafo desberdinetan atalak ondo desberdintzeko,eta gainera gidoitxoekin testua irakurtzerakoan pisutsua egin ez dadin.Gainera,uste dut testuak modu argi batean erantzuten diola galderari,eta ez dagoela soberan dagoen informaziorik.

    Bestalde,IKT-tresnen erabilera oso ugaria izan da.Izan ere,bideo ugari ageri dira,batzuk beraiek sortutakoak,eta esan behar dut oso lagungarriak egin zaizkidala testuan hitzez azaldutakoa hobeto ulertzeko.Zerbait hobetzekotan,taldekideen argazkiren bat jarriko nuke,nahiz eta ageri diren argazkiak ere aproposak diren.
    Aurretik aipatu bezala,haiek sortutako bideoak daude txertatuta testuan,eta haietan argi ikusten da kolaborazio lana izan dela.

    Jokamoldearen egiturarekin hasita,puntu guztiak jorratu dituztela ikusten da,eta gainera esango nuke hauek irakurrita oso ondo ulertzen dela jokoaren egitura,modu sinple batean azalduta daudelako . Gehienbat instalazio mota nola azaldu duten gustatu zait,zehaztasun handiz egin baitute.Gomendio bezala,kontrakantxako marrak duen eragina aipa dezatela esango nieke,hau da bertan botea emandako pilota txartzat hartuko dela esatea falta zaiela uste dut.Horrez gain,bitxikeria bezala aipatuko nuke sakean 7tik atzera egiten badu botea sakatzaileak ez duela tantoa galduko, ,baizik eta pasa izango dela eta beste sake bat egiteko aukera izango duela.Originalki jokamolde honetan horrela den arren eta afizionatu mailan horrela mantentzen den arren, gaur egun profesionaletan falta da,blogean aipatu duten bezala,eta beraz ez zait akats bat iruditzen.

    Azkenik,joko ekintza ere oso ondo deskribatua dago,eta kolpe eta jokaldi desberdinak ondo azlatzeaz gain, bideoak daude ideia garbiago bat izateko,eta asko gustatu zaizkidala esan behar dut.

    Laburbilduz,oso ondo egindako lana iruditu zait,informazio askorekin baina irakurtzeko erraza,eta jokamolde hau ulertzeko beharrezkoa den guztia ondo azalduta dagoela uste dut,oso blog interesgarria.

    KALIFIKAZIOA: 9.5

    Jon Leonet

    ResponderEliminar
  5. Lehenik eta behin, aipatu nahiko nuke agerian dagoela informazioa iturri desberdinak baliatuaz lortu dutela; eta horren erakusgarri ditugu testuan zehar aurki ditzakegun esteka ezberdinak, bideo ugari, baita jokamolde honi buruz jakituna den pertsona baten elkarrizketa ere. Guzti honek aberastasun handia eman dio blogari, baina ez atal zehatz batean soilik; orokorki, datu guztietan ikus baitaiteke oso era zehaztu eta zuzenean eskaini duzuela informazioa.

    Aipaturiko informazio honen antolaketari dagokionez, era egokian ordenatu eta mailakatu duzue. Argi eta ulerkor, baina arin helarazi duzue erakutsi nahi zenutena, puntu guztiak jorratuaz. Jokamoldearen definizioaz gain, instalazioa, jokalariak, sake-errestoa, puntuazio sistema, kolpeak… guztiak landu dituzue; bata bestearengandik bereiziaz baina guztiei behar bezalako garrantzia eta espazioa emanaz. Erraz ulertzeko moduan eta beharrezko informazioa zehatz emanaz, beharrezkoa ez den informaziorik ez duzue testuan gehitu, baina gehiago jakin ahal izateko estekak oso baliagarriak iruditu zaizkit. Atal guztiak paragrafotan bereizita egoteak erraztasuna ematen du irakurtzerakoan, irakurketa batere astuna egin gabe. Gainera, atalak bereizterako uneak argazki zein bideoak ere baliatu dituzue.

    Arestian esan bezala, argazki eta bideoez gain estekak eta elkarrizketa ere erabili dituzue, IKTren erabilera ugariaren adierazle. Gainera, bideo horietariko batzuk egileek beraiek egin eta muntatu dituzte, lana eta denbora eskainiaz. Oso positiboa iruditu zait hau, zuen arteko kolaborazioaren adierazle izateaz gain, testukoa bisualki ulertzeko erraztasunak ematen baititu eta oso lagungarria baita.

    Jokamoldaren egiturari dagokionez, aipatu beharreko puntu guztia landu dituzue, sinple baina behar bezala esplikatuaz. Behin irakurrita argi gelditzen da zein joko mota eta zein jokamolde den. Beharrezko datu guztiak landu dituztela uste dut, sakea oker egin ezkero izan daitezkeen ondorioak aipatzen ez diren arren.

    Azkenik, joko ekintza primeran azaldu dute, daude aukera eta desberdintasunak adieraziaz eta lagungarriago egiteko bideoak erabiliaz.

    Hobetze aldera, jarri dituzuen argazkien ordez, zuenak jar zenitzakete, eta amaieran, baliatutako bibliografia gehitu. Bestela, gainerako datu eta informazio guztia zuzena dela uste dut.

    Benetan lan bikaina, argia baina osatua iruditu zait, ulerkorra oso baina irakurtzeko erraza.
    Blog guztien artean onenetarikoa iruditu zait, zorionak!

    KALIFIKAZIOA: 9,75


    Maddi Labaka

    ResponderEliminar
  6. IRUZKINA
    Iruzkin honetan talde lan honen eta blogaren nire iritzi konstruktiboa ematen saiatuko naiz:

    1-Datuak jasotzeko iturri desberdinak erabiltzea: argi dago iturri anitz erabili izan dituztela, izan ere, mota askotako bideoak ditugu (janzkera mota, frontoia nolakoa den, pilota, jokaldiak...) eta elkarrizketa bat ere badaukagu Joseba Aranbarriri egina (ahoz eta idatzia dagoena hobeto ulertu ahal izateko). Beste alde batetik, hainbat esteka agertzen dira testuaren barruan (hitz batzuk azpimarratuta daude eta beste kolore batez idatziak -urdinez-) eta baita blogaren eskuin aldean non euskal eta esku pilotaren hainbat informazio gehigarri daukagun. Nire ustetan informazio gehigarri hau oso egokia da, izan ere, ez dago oinarrizko informazioarekin nahastuta eta ez da aspergarria egiten irakurtzeko nahi duenak irakur dezakeelako eta, aldiz, oinarrizko informazioa bakarrik jaso nahi duenak ez dauka zertan esteka horrek ikusi.

    2-Aurkezpenaren argitasuna: esango nuke oso argia dagoela, aurreko atalean aipatu dudangatik. Hau da, oinarrizko informazioa eta informazio gehigarria ondo bereiztuta agertzen dira. Oinarrizko informazioari dagokionez atal desderdinak bereizten dira eta puntuka dagoen einean errazagoa egiten da irakurtzeko. Hortaz, sortu duten informazioa argia dela uste dut.

    3/4-IKT-tresnen erabilera eta kolaborazio lana: erabilera ugaria eta egokia egin dutela esango nuke. Elkarrekintza egon dela argi dago, izan ere, eurek sortutako bideoak ageri dira. Hala ere, hobetuko nukeen gauza bat badago. Izan ere, Josebari egindako elkarrizketan ikusten da ez daudela bertan taldekideak. Esan nahi dut, galderak frontoi batean eta une batean eginda daude eta pilotariaren erantzunak beste frontoi eta momentu batean burutuak daude. Ordea, elkarrizketan egindako galderak egokiak direla uste dut eta baita interesgarriak ere, izan ere, bere bizitzari buruzko galderak egiten dizkiote (noiz eta nola hasi zen, zeintzuk diren bere jokaldirik gustukoenak, bere jokalaririk gogokoena nor den...).

    5/6-Jokamoldearen egitura eta joko ekintza deskribatu: hasteko, blogaren hasieran aipatzen dute jokalmode hau ez-zuzena dela eta esteka baten bitartez hau zer den azaltzen dute. Elkarrekintzari dagokionez, blogaren izenburua irakurrita argi geratzen da norgehiagoka zein den, buruz burukoa, alegia. Instalazio mota, materiala eta beronen ezaugarriei dagokionez esteka ugari daude informazio eta bideoz osatuta non instalazioa (frontoiaren argazkia dago instalazioaren atalen izenak agertzen direlarik) eta pilota nolakoak diren azaltzen duten, takoak, pilotarien janzkera eta baita pilotariaren eta pilotaren erlazioa nolakoa den azaltzen dute (eskuarekin pilota “jo” egiten da)... Sakea eta errestoari dagokionez oinarrizko informazioa ageri da, hau da, nork egiten duen sakea eta sakea egiteko baldintzak zeintzuk diren. Errestoari dagokinez, nola eta nondik egiten den azaltzen dute. Eta sakea eta errestoa azaltzeko ere, bideoak saartu dituzte. Tantoari buruz nola galdu eta irabazten diren azaltzen du eta pratidak 22ra jokatzen direla. Eta azkenik, joko ekintzari dagokionez, dena azaldu dute, argi utziz jokamolde honen berdintasunak eta desberdintasunak zeintzuk diren.

    Hortaz, hobetzeko aldera, lehen aipatu dudana egingo nuke, hau da, elkarrizketa egiterako orduan taldea eta pilotaria (Joseba Aranbarri) elkarrekin egotea izango litzateke berarekin kontaktu zuzen bat edukitzeko.

    Nota: 9,25

    Arrate Barros

    ResponderEliminar
  7. Jokamolde hau ongi ezagutu arren interesgarria iruditu zait hau irakurtzea zerbait gehiago jakin ahal izateko.
    • Datuak jasotzeko iturri ezberdinak erabili dituzuela nabari da.
    • Aurkezpena argitasun eta antolamendu bikaina duela esango nuke. Irakurleari irakurtzerako orduan erraztasuna eta ulerkortasuna ematen dio.
    • IKt-tresnen erabilera nabari da. Bideoak zuenak eta profesionalenak jarri dituzue eta biak alderatzea egokia iruditzen zait.
    • Kolaborazio lana dagoela ikusten da, bestela ezinezkoa izango litzake hau aurrera eramatea
    • Jokamoldearen egitura kontuan harturik, aurretik jakinaren gainean nengoen arren garbiago geratu zait jokamolde honen inguruko hainbat bitxikeri.
    • Joko ekintza ere oso ongi deskribaturik dago eta bideoak oso lagungarri iruditzen zait hau ulertzeko.
    Beste barik, nire lanaren nota 9.75ekoa da.

    ResponderEliminar
  8. Nahiz eta jokalmolde hau lehenagotik ezagutu eta informazio iturri asko egon, blog honen ebaluazioa egitera hurbildu naiz eta ez naiz damutzen.
    Testu argi eta ondo laburtua osatu dute, ulerkorra eta guztiz ondo antolaturik. Ez duzue soberan egongo legokeen informaziorik gehitu, eta aipaturiko ideiei bideoak eta argazkiak gehitu dizkiezue. Azkenik, bukaeran ipini duten elkarrizketa gehitzearen erabakia guztiz zuzena iruditu zait, egindako lana borobiltzen du.
    Ez dut beste ezer esateko beraz nire nota 9 bat da. Ikaragarrizko lana ikusten da blog honen atzean, nota hau benetan merezi duzue, zorionak!!
    Martin Lopez

    ResponderEliminar
  9. Blog hau ikusi orduko gustatu egin zait, hasierako aurkezpena garbia eta txukuna da eta gaian murgiltzea laguntzen du. Oso antolamendu ona ikusi dut eta gustoko izan dut gehiegi ez luzatzeak azalpenetan, adibidez kolpeen azalpenetan, irakurketa arindu egiten baitu. Gainera estekak eroso erabil daitezke aparte ipinita daudelako eta bideoak ere azalpenak osotzen dute. Bestalde faltan botatzen dut argazki batzuk, hau da, ez dut esan nahi argazki mordo ipini behar izana baina informazio gehigarri bezala onak iruditzen zaizkit.
    Hau guztia dela eta esan beharra daukat gustoko izan dudala eta aparteko aurkezpena egin duzuela, horregatik nire nota 9'5 da.
    Gilen Bueno

    ResponderEliminar